Scroll Top

HARLEMGO ERREGEA
 
Zurezko koilara batez
erauzten zizkien begiak krokodiloei
eta tximuen ipurdiak jotzen.
Zurezko koilara batez.
 
Betiko sua zegoen lo sukarrietan
eta anisez mozkortutako kakarraldoek
herrixketako goroldioa ahanzten zuten.
 
Perretxikoz estalitako agure hura
beltzek negar egiten zuten lekura zihoan
erregearen koilarak karraska egiten zuen
eta ur ustelduko tankeak heltzen ziren bitartean.
 
Arrosek ihes egiten zuten
airearen azken bihurguneetako sorbatzetan zehar
eta azafrai mordoetan
mutil koxkorrek katagorri txikiak zirtziltzen zituzten
zikindutako eldarniozko ahalke batez.
 
Zubiak zeharkatu
eta ahalke beltzera heldu beharra dago
birika-lurrinak
gure lokiak jipoi ditzan
anana berozko bere soinekoaz.
 
Pattar-saltzaile ilehoria hil beharra dago,
sagarraren eta harearen adiskide guztiak;
eta ukabila itxiez jo beharra dago
burbuilaz beteta dardar egiten duten duten indaba txikiak,
Harlemgo erregeak bere jendetzarekin kanta dezan,
krokodiloek ilara luzeetan lo egin dezaten,
ilargiaren amiantoaren azpian,
eta inork ez dezan zalantzarik egin sukaldeetako
mustuken, birringailuen, kobreen eta eltzeen edertasun infinituaz.
 
Oi, Harlem! Oi, Harlem! Oi, Harlem!
Ez du parerik zure begi zanpatuen angustiak,
eklipse ilunaren barruan dardaratutako zure odolak,
zure biolentzia granateak, gormutu argitzalean,
atezain janzkidun zure errege handi presoak.
 
                                  * * *
 
Arrakala bat eta bolizko arrabio geldiak zituen gauak.
Amerikar neska gazteek
haurrak eta txanponak zeramatzaten sabelean
eta mutikoak zorabiatu egiten ziren tiragalearen gurutzean.
 
Horiek dira.
Horiek dira sumendien ondoan zilarrezko whiskya edaten dutenak
eta hartzaren mendi izoztuetan bihotz puska txikiak irensten.
 
Gau hartan Harlemgo erregeak, koilara oso gogor batez,
begiak erauzten zizkien krokodiloei
eta tximuen ipurdiak jotzen.
Koilara oso gogor batez.
 
Beltzek urrezko eguzki eta aterki artean nahastuta
negar egiten zuten,
mulatoek gomak teinkatzen zituzten, soin zurira heltzeko irrikitan,
eta haizeak ispiluak lausotzen zituen
eta dantzarien zainak kraskatzen.
 
Beltzak! Beltzak! Beltzak! Beltzak!
Odolak ez du aterik zuen gau ahozgorakoan.
Ez da ahalkerik. Odol sumindua larruen azpialdetik,
bizirik sastagaiaren arantzan eta ikusmiren bularrean,
Cancerko ilargi zerutarraren matxarda eta isatsen azpian.
 
Milaka bidetan heriotza irineztatuak eta akara-errautsa bilatzen dituen odola,
zeru elkorrak, gainbeheran, planeten koloniak
abandonatutako gauzakiekin batera hondartzetan pirritan joateko leku.
 
Zeharretara geldo begiratzen duen odola,
espartzu zukutuz eta lurpeko loreztiz egina.
Oinatz batean deskuidatutako alisioa herdoiltzen duen
eta tximeletak leihoaren kristaletan disolbatzen dituen odola.
 
Heldu den odola da, helduko dena
teilatuetatik eta zabaltzetatik, leku guztietatik,
emakume ilehorien klorofila erretzeko,
ohe ondoetan auhen egiteko, konketen loezinaren aurrean,
eta tabakozko eta behealde horizko egunsenti batean zapartatzeko.
 
Ihes egin beharra dago!,
ihes egin kantoietan zehar eta azken solairuetan itxi,
basoaren muina zirrikituetatik sartuko baita
zuen haragian eklipse aztarna arin bat
eta eskularru histuko eta arrosa kimikoko tristura aizun bat uzteko.
 
                                  * * *
 
Isiltasun txit jakintsuagatik da
sukaldariak eta zerbitzariak eta aberatsen zauriak mihiaz
milikatzen dituztenak
kaleetan zehar edota kresalaren angeluetan erregearen bila ari direnean.
 
Zurezko hego haize batek, trabeska basa beltzean,
tu egiten die txalupa hautsiei eta sastagaiak iltzatzen ditu sorbaldetan.
Letaginak, eguzkiloreak, alfabetoak,
eta liztor itoak dituen Volta pila bat
daramatzan hego haize bat.
 
 
Hiru tinta makula monokuloaren gainean ziren ahanzturaren adierazpen.
Harrizko bat-batekotasunez ezin ikusizko aurpegi bakar bat amodioarena.
Arrosarik batere gabe, zurtoinezko desertua
osatzen zuten muinek eta korolek hodeien gainean.
 
Ezkerretara, eskuinetara, Hegotik eta Iparretik,
satorrarentzako eta uraren orratzarentzako
hesi ikaragaitza dago zutik.
Ez ezazue, beltzok, haren arrakala bila
maskara infinitua aurkitzeko.
Erdiko eguzki handia bila ezazue
pinaburu burrunbari bat eginik.
Ninfarik aurkituko ez duelako ziurtasunez
basoetan labaintzen den eguzkia.
Zenbakiak suntsitzen dituen eta sekula ametsik zeharkatu ez duen eguzkia,
ibaian behera jaisten den
eta atzetik kaimanak dituela orro egiten duen eguzki tatuatua.
 
Beltzak! Beltzak! Beltzak! Beltzak!
Ez da sekula ezein suge, zebra edo mando
zurbildu hiltzean.
Ez daki egurginak noiz ematen duten azken arnasa
berak ebakitako zuhaitz itzelek.
Itxaron ezazue zuen erregearen itzal begetalaren azpian
astaperrexilek eta karduek eta asunek azkeneko zabaltzak asaldatzen dituzten arte.
 
Orduan, beltzok, orduan, orduan,
zoramenez musukatu ahal izango dituzue bizikleten gurpilak,
mikroskopio bikoteak ezarri katagorrien leizeetan
eta dantza egin azkenik zalantzarik gabe, lore tentetuek
gure Moises erailtzen duten bitartean zeruaren zumeetan ia.
 
Oi, Harlem mozorrotua!
Oi, Harlem, bururik gabeko trajezko jendetza batek mehatxatua!
Zure zurrumurua heltzen zait.
Zure zurrumurrua heltzen zait enborrak eta igogailuak zeharkatzen,
hortzez estalitako autoak flotatzen duteneko
xafla grisen bitartez,
zaldi hilen eta krimen txikien bitartez,
bizarrak itsasoraino heltzen zaizkion
zure errege etsi handiaren bitartez.

Federico García Lorca
Itzulpena: José Luis Zabala

POLÍTICA DE COOKIES
Este sitio web utiliza las siguientes cookies de terceros:

· Google Analytics: Almacena cookies para poder elaborar estadísticas sobre el tráfico y volumen de visitas de esta web. Al utilizar este sitio web está consintiendo el tratamiento de información acerca de usted por Google. Por tanto, el ejercicio de cualquier derecho en este sentido deberá hacerlo comunicando directamente con Google.

· Redes sociales: Cada red social utiliza sus propias cookies para que usted pueda pinchar en botones del tipo Me gusta o Compartir.